Harrera ederra izan zuen Alboka Abesbatzak, Irunen

Concierto de Alboka Abesbatza en Irun

Nayade Abesbatzak San Pedro eta San Marcial jaien aurretik eskaintzen duen emanaldian gonbidatu izan zen Lasarte-Oriako abesbatza.

Santiagoko Euskal Jai pilotalekuan bildu ziren entzuleek egitarau anitzaz gozatu zuten.

Nayade abesbatzaren eskutik, ahots zurien doinuen txanda izan zen lehenik. Euskal zein nazioarteko konposatzaileen kantak eskaini zituzten David Azurzaren Oihu hau, Eva Ugalderen Tximeletak, Ola Gjeiloren Tundra edo Morten Lauridsenen Sure on this shining night.

Alboka Abesbatzak jarraian estilo ezberdinetako kantak eskaini zituen: euskal doinuak, sehaska kanta sefardia edo Kolonbiako porroa. Montse Latorreren zuzendaritzapean eta Javier Gonzalez Sarmiento piano jolearen laguntzaz, dantzan edo kantuan jarri zituen entzuleak.

Amaieran bi abesbatzek oholtzan batu eta Lesbordesen Kantuz zein Txoriak txori doinu ezaguak abestu zituzten.

Eta elkartrukeari modu ezin hobetan amaiera emateko afaria ere izan zuten bi abesbatzek.

Jaietako emanaldia

Eta larunbat honetan, berriz, San Pedro jaietako kontzertua eskainiko du herriko abesbatzak 19:30ean, Ama Brigitarren komentuan. Gaur egungo zein aitzinako doinuak entzun ahalko dituzte komentuko kaperan bilduko diren herritarrek. Hala nola, La La Land filmeko City of Stars abestia edo Itoiz taldearen Lau Teilatu doinu ezaguna.

Abesbatzak Miren Gabirondo piano jolearen laguntza izango du eta solistak eta perkusioa ere izango dira.

Ez da hau azken kontzertua izango ordea, kontzertu hori baino lehen ekainaren 23an Erketz EDTk eta hainbat herritarrek dantzatzen duten San Joan eguneko Soka dantza girotuko du Zero Sette akordeoi orkestrarekin batera eta uztailan Comillasera (Kantabria) bidaiatuko da herriko abesbatza eta bertan emango dio amaiera ikasturteari.