25 urte abesten

1988ko ekainaren 24ean Alboka Abesbatzak aurkezpen kontzertua eskaini zuen Lasarte-Oriako San Pedro parrokian.

Ordu ezkero, milaka abesti abestu ditugu, abesti zaharrak eta harmonizazio berriak arakatu ditugu eta gure herriko kulturan murgildu gara.

Elkartruke eta bidaien bidez bazter eta txoko ikusgarriak ezagutu ditugu. Gure grina bertsua duten abeslari eta zuzendariak ezagutu ditugu. Lagun berriak egin ditugu non nahi, baina musika bihotzean eraman duten lagunak ere bidean galdu ditugu.

Musikari ezberdinekin lan egin dugu. Orkestraz, bandez lagunduta abestu dugu, txistularien eta trikitilarien doinu alaiez gure eztarriak kalejiraz eta biribilketaz busti ditugu. Festetan, herritarrak alaitu ditugu eta guk ezagututako bazter berri eta lagun berriak beraiei eskaini dizkiegu herrian antolatu ditugun kontzertuetan.

Atzerriko baina batez ere herriko elkarteekin elkarlan estua izan dugu eta haiekin batera ekintza eta proiektu ezberdinetako partaide izan gara.

Gure jarraitzaile eta bazkideak gutaz arro egoteko moduko lana egin dugu urte hauetazn guztietan.

Gure sortzetik, urtez-urte egon gara Lasarte-Oria aho bete kantuz janzten. 2013. urtea urte berezia izan zen guretzat, Alboka Abesbatzak bere 25 urteurrena ospatzen baitzuen.