Author: Alboka Abesbatza

Esperientzia ederra eta bigarren postua Arnotegi Erdi Aroko eta Errenazimenduko musika lehiaketa nazionalean

Alboka Abesbatzak Arnotegi Erdi Aroko eta Errenazimenduko musika lehiaketa nazionalean parte hartu zuen hilaren 15ean, Obanosen, Nafarroan eta bigarren postua eskuratu zuen Obanoseko Misterioa Fundazioak antolatutako ekimenean.

Derrigorrezko kantua zen Montserrateko Libre Vermelleko Stella Splendens eskainiz hasi genuen emanaldia eta ikusleak Erdi Aroko giroan sartzeko, Erketz EDtren dantzarien laguntza izan genuen.

Ostean, XIV eta XVI mende arteko doinuak eskaini genituen: Aita Donostiaren Virgo Dei Genitri, T. Tallisen If Ye Love m, B. Carceresen Sus, sus, sus (La Trulla), Bob Chilcottek moldatutako Juan De Anchietaren Con amores la mi madre eta Juan del Encinaren Mas vale trocar eta Oy Comamos y Bebamos.

Hiru abesbatzen emanaldiaren ostean, epaileek sari nagusia Madrilgo Salix Cantor kamara abesbatzari ematea erabaki zuten. Bigarren saria Alboka Abesbatzari eman zitzaion eta hirugarrena, berriz Iruñeako La Asunción abesbatzak jaso zuen. Zuzendari onenaren saria La Asunción abesbatzako Beatriz Aguirrek jaso zuen eta ikusleen saria ere La Asunción abesbatzak eraman zuen. Saribanaketaren ostean, hiru taldeek derrigorrezko kantua eskaini zuten ikusleen gozamenerako.

Pozarren gaude lortutako emaitzarekin eta abeslariek azken hilabete hauetan egindako lan guztiarekin. Era berean, Erketz EDTko kideei eskerrak eman nahi dizkiegu eskainitako laguntzarengatik.

Alboka Abesbatzak lanean jarraituko du ikasturtea amaitzeko geratzen zaizkigun emanaldietan gure onena emateko. Egun hainbat proiektu ditugu esku artean eta ekainaren 24an eskainiko dugun ikasturte amaierako kontzertuko egitaraua ere prestatzen hasiko gara aurki.